Beruflich Dokumente
Kultur Dokumente
Landako kiroldegiak emakumeei eta kirolari eskainitako erakusketa bat ireki du gaur,
eta, horren bitartez, emakumeek kirolean duten parte-hartzea azpimarratu nahi da,
eta, oro har, nagusi diren estereotipoak apurtu. Antolatzaileen asmoa da udal-
instalazioetan ikusgai nabarmen izango den leku batean paratu -sarreran bertan-, eta,
gero, erakusketa ikastetxe batzuetan aurkeztea.
Berdintasuneko Pilar Rios zinegotziak adierazi zuenez, erakusketan kirolari banakoen
eta taldeen erretratuak ageri dira, helburu hau hartuta: "emakumeen kirola
gizonezkoen kirola adina balioestea, eta gazteek diziplina guztietan erreferente
femeninoak izatea, ia ezezagunak diren emakume kirolari bikain ugari baitago".
Riosek azaldu zuen bilduma-lana Maria Mentxaka kirol-argazkilari eta tiro olinpikoko
txapeldunak egina dela, eta haren lana goraipatu zuen: "Lan benetan arduratsua egin
du, gogotsu, eta oso gustura gaude lortu duen emaitzarekin".
Berdintasuneko arduradunak udalerriko ikastetxeak erakusketa eskatzera gonbidatu
zituen, eta, argitu zuenez, beste leku batzuek bisitatu ondoren, erakusketa kiroldegian
geldituko da era iraunkorrean. "Oraingoz, eskola batek azaldu digu jartzeko interesa
duela, eta gainerako ikastetxeak ere beste hainbeste egitera adoretu nahi ditugu
hemendik. Argazkiek euren kabuz hitz egiten dute, eskemak apurtuz. Merezi du
neskatoek ikus dezaten ez dagoela kirol maskulinorik eta femeninorik, eta gogokoen
dutena praktika dezaketela".
Irudietan, eskualdeko kirolariak ageri dira hainbat kirol egiten: nola errugbia, pilota,
harri-jasotzea, arku-tiroa, hala gimnasia erritmikoa, saskibaloia, txirrindularitza,
atletismoa, igeriketa edo mendi-lasterketak. Orobat, ikusgai izango dira eskubaloia,
kick-boxinga, futbola eta judoa.
Erretratuetan ageri diren kirolarien eta taldeen zerrenda ondorengo hau da:
Gurutze Frades (triatloia), Irene Loizate (triatloia), Jone Aizpurua (triatloia),
Uri Barrutieta (errugbia), Ainhoa Urien (pilota), Bego Martínez (atletismoa), Lidia
Cañete (arku-tiroa), Marta Cámara (muay thai-kick boxing-a), Deniba Konare (judoa),
Ziortza Isasi (ziklismoa), Oihana Azkorbebeitia (mendi-lasterketak), Karmele Gisasola
(herri-kirolak), June Arbeo (atletismoa), Saioa eta Suzette (futbola), Natalia Martínez
Merino (sorospena), eta Lucia Jímenez García (igeriketa). Taldeei dagokienez, hauek
agertzen dira: Ibaizabal Balonmano, Uztail Taldea (gimnasia erritmikoa) eta Tabirako.